Estazio honetan Salburuko hezeguneak udazkeneko migrazioetan zehar erabiltzen dituzten hegazti txikiak aztertu dira. Eraztun-jartze zientifikoko gune hau abuztuan eta iraileko lehen hamabost egunetan egon da martxan.
Eraztunak jarri diren 36 jardunaldietan 54 espezietako 5.635 hegazti harrapatu dira, eta ondoren askatu egin dira. Horrez gain, 881 ale harrapatu dira ordurako ikerlari taldeak jarritako eraztuna zeramatenak. Azkenik, Espainiako beste leku batzuetan, Frantzian, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Belgikan eta Errusian eraztunez hornituriko 27 ale harrapatu dira.
Nabarmentzekoa da aurreko urteekin konparatuz gero, aurten harrapaketa gehiago egin direla, gehien bat laginak hartzeko ahalegina handiagoa izan delako eta eraztunak jartzeko zona gehiago egon direlako. Aurten Arkautiko baltsan egin da lan lehen aldiz, beharrezkoa izan delarik hezegune honetako gune bat ixtea bertan bizi diren oreinek eraztun-jartze jarduera oztopatu ez zezaten. Bestalde, ur-benarriz gutxiago harrapatu dira (7 eraztun-jartze), baina ez da ondorioztatu Salburuak garrantzi gutxiago duenik iraungitze arrisku bizian dagoen espezie honen migrazioaren garapenean. Bitxikeria gisa, oso bakana den espezie baten ale bat harrapatu da: zingira-lezkari bat. Hegazti hau Europa ekialdetik dator eta Salburuan harrapatu den alea Euskadiko Autonomi Erkidegoan dagoen lehen aipua da.
Eraztunak jartzeko lanean, bigarren urtez jarraian, ikerlari taldeari laguntza eman dion boluntario talde bat egon da. Lan honetan Frantzia, EAE eta beste autonomi erkidego batzuetako 37 lagun aritu dira. Lagun hauek eraztunak jarri diren gunetik hurbil dagoen Otazu herriko etxe batean hartu dute ostatu. Etxe hau boluntarioen jarduerak garatzen dituen Erdu udal agentziak eskaini du.
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



