ZADORRA IBAIKO PARKEA: Zadorra ibaiaren ekosistema
Zadorra Vitoria-Gasteizko udalerriko ibairik garrantzitsuena da (lurraldetik iragaten diren ibai eta erreka guztien urak hartzen ditu) eta Arabako emaritsuenetako bat. Entzia mendilerroaren inguruetan du iturburua. Uribarri-Ganboako urtegia elikatu ondoren, hiria iparraldetik inguratzen du, eta hegoalderantz doa Ebroraino iritsi arte; 77 kilometroko ibilbidetik 14 udalerrian barna egiten ditu.
Zadorra ibaiak hiriaren zabalkundea mugatu du iparraldetik. Izan ere, hiria ibairantz hazi da, eta ezkerraldeko uholde-zabaldi naturala ia osorik hartu du; horren ondorioz, euriteek uholdeak eragin izan dituzte industrialdeetako eta hiri barruko eremu handietan.
Ur-bazterrak industriek, baratzeek, soroek eta berezko ez diren beste jarduera zenbaitek hartzen badituzte ere, Zadorra ibaiak udalerriko ekosistema aberatsenetako batzuk gordetzen ditu tarte batzuetan. Ibaiak eta ibai-bazterreko basoek balio ekologiko handiko habitatak barne hartzen dituzte, zeinetan interes handiko animalia eta landare espezieak bizi baitira. Horietako batzuk desagertzeko arriskuan dira, esaterako okil txikia eta belatza. Aipamen berezia merezi du ibaiko biztanle ikusezinenetako batek, bisoi europarrak, galtzeko arrisku larrian baita. Animalia txiki hori beti urari lotua bizi da eta katamotzaren atzetik Europan mehatxatuen dagoen haragijalea dela uste da.
Ingurumen balio multzo hori dela eta, Zadorra ibaia Europako Natur Gune Babestuen Sarean (Natura 2000 sarea) sartzea proposatu da.
Ubide eta ur-bazterretako zati hondatuenetan egiten ari diren lehengoratze jarduerak ere ekosistema osoaren ingurumen kalitatea hobetzen laguntzen ari dira.