Gaur egun Zabalganeko parkea den eremuaren zati batean eraikuntzarako legarra ustiatzen zuten. Jarduera hori bertan behera utzi zutenean, eremua oso hondatuta geratu zen: 10 metroko zuloak lurrean, hondakin materialen pilatze guneak, ur lohitsuek urpetutako eremuak, kontrolatu gabeko isurketak,...
Ondoko erkametz baso naturala ere, Ehariko mendiraino landa lurrez inguratuta hedatzen zena, oso hondatuta zegoen, egur gehiegi atera izanagatik, abereen bazkarako neurrigabe erabiltzeagatik, suteengatik,...
Eremua zenbateraino hondatuta eta andeatuta zegoen ikusita, legarra ustiatzen zen guneetan ekologia eta paisaia beren onera ekartzen hasi ziren, eta erkameztia leheneratzen; horrela, aisiarako gunea sortu nahi zuten, aldi berean ingurumen hezkuntza sustatzeko jarduerak ere egiteko han.
Legar ustiapenak hondatutako eremuak birmoldatu, egokitu eta zelai bihurtu ziren; malda txikiko muino eta mendixkak ere sortu ziren, eta gainean zuhaizti sakabanatuak landatu ziren. Muinoek talaia funtzioa betetzen dute, eta handik Gasteiz Mendietako Zaldiaran eta Eskibel tontorrak ikus daitezke, Badaia mendilerroa, Gorbeia mendia eta Anbotoko gailurrak.
Zabalganeko oneratze eta egokitze lanak 1993an hasi, eta 1999an amaitu zirenak, Gasteizko Eraztun Berdearen proiektuaren barruan egindako lehenak izan ziren.