Nahiz eta zaila izan imajinatzen, antzina Arabako Lautada osoan basoak zeuden; gutxika, gizakiak ia denak bota zituen, batik bat soroak egiteko.

Horregatik baso honek balio handia du, duela mende batzuk eremu guztia estaltzen zuen bertako landaretzaren erakusgarri baita. Soroz inguratutako zuhaitz uhartetxoa dirudi. Hain gizatartuta eta ekologiaren aldetik hain sinplifikatuta dagoen ingurune horretan, babestoki garrantzitsua da basoko landaredia eta faunarentzat. Horri "uharte basoa" deitzen zaio.
Baso espezie nagusia haritz mota bat da: erkametza. Parkearen zati handi batean zuhaitz gehienek gazte itxura duten arren, toki batzuetan helduak ere badaude, tamaina handikoak. Erkametzarekin batera honako hauek ere aurki daitezke: astigarrak, elorri zuriak, ipuruak, elorri beltzak, beltxaleak eta beste zuhaixka batzuk.
Basoko faunari dagokionez, erbinudeak, erbiak, untxiak eta azeria ditugu, besteak beste. Hegazti espezie ugari ere badago: kaskabeltzak, txantxangorriak, mikak, zozoak edo hontz ertainak. Azken horiek gaueko harrapariak dira, eta batzuetan beren uluak entzun daitezke ilunabarrean.
Parkeko zuhaitz batzuetatik zintzilik habiak egiteko kutxak ikus daitezke. Ikastetxeei zuzendutako jarduera bati jarraituz eraiki eta zintzilikatu dira kutxa horiek, hegaztiak bizirik irautea eta ugaltzea errazteko.
Gainera, "Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin" kanpainari esker, parkearen zati bat zuhaitz txikiz bete da (arteak, erkametzak, etab.). Beren xedea jatorrizko basoek hartzen zituzten lurrak zabaltzea da.

Lezeko aintzira nekazaritzarako urmaela zen lehen; Zabalganekoak, berriz, legarra ustiatzen zen eremua oneratu ondoren sortu ziren. Aintzira horiek uretako mundu ikusgarria ezagutzea ahalbidetzen dute. Hegaztietan, kopetazuriak, uroiloak eta basahateak, besteak beste, dira espezie ohikoenak. Ilunabarrean, arrunta da zikoinak edo koartzak ikustea.
Urbazterrean hazten diren ihien eta lezken artean, igelak, zapatariak, ur-armiarmak, mariorratzak eta burruntziak bizi dira.
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



