Olarizu XIV. mendean biztanlerik gabe geratu zen herrixka baten izena zen. Jenderik gabe geratzean haren lurrak Vitoria-Gasteizen sartu zituzten. XI. mendean, "Hollarruizi" izenaz azaldu zen dokumentaturik, eta XIII.ean "Hollarruizu" izenaz. Aurrerago, jada XIX. mendean, "Olharizu" izenaz erregistraturik azaltzen da. Dena den, Olarizuko Andre Mariaren ermitak, herrixkako parrokia zenak eta Zubigarai inguruetan zegoenak, mendearen hasiera arte iraun zuen zutik..
Olarizuko muinoaren hegoekialdeko magalean Kutzemendiko kastroa dago. Oraindik ikus daitezke etxeak finkatzeko eta errazago babesteko balio zuten zabaltza artifizialak. Kutzemendiko edo Olarizuko kastroa Araban aurkitutako lehenengo herrixketako bat da. Hainbat ikerketa egin dira kastroan, lehena Jose Migel Barandiaranek 1926. urtean egindakoa. Duela gutxi txosten bat prestatu da Kutzemendiko kastroa Momumentu Multzo gisa sailkatzeko, Kultur Ondasun Kalifikatu izeneko kategorian.
1727an sortu zen, Vitoria-Gasteizko Udalak hiriko harategiak hornitzen zituzten abereak jasotzeko korta bat egitea erabaki zuenean herri aziendek bazkatzen zuten zelaietan. Eraikin berri hori egin aurretik beste etxe txiki bat zegoen abereak biltzeko eta abeltzainek bertan bizitzeko, baina sute batek hondatu zuen.

Etxea eraikitzeko lanak Domingo Berrikanori eta Nicolas Izarrari esleitu zizkioten. Lehenak hargin lanak egin zituen 31.256 errealen truke, eta bigarrenak arotz lanak 20.936 errealen truke. Biak ere gasteiztarrak ziren. Etxe berriak kortak, lastategiak eta abeltzainarentzako etxebizitza zituen.
Etxea ez zutenean jada bere jatorriko erabilerarako erabiltzen, biltegitzat erabili zuten hainbat hamarkadatan. Denboraren eraginez etxea hondamen egoeran geratu zen. 1987. urtean Vitoria-Gasteizko Udalak etxea konpontzeko lanak hasi zituen. 1995ean, Olarizuko etxaldea Vitoria-Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren egoitza bihurtu zen.
Olarizuk jai giroko izaera herrikoia dakar gogora. Izan ere, erromeria herrikoia egiten da bertan irailean ospatzen den Ama Birjinaren egunaren hurrengo astelehenean. Jai egunean ohitura bihurtu da jende asko Olarizuko gainera igotzea. Erromeria XIX. mendearen erdialdeko dokumentuetan azaldu da lehen aldiz jasota.

Egun horretan bertan, erromeria izan baino lehen, udalbatza udalerriko zedarriak ikustera joaten da, alkatea buru dela. Jarduera hau jada 1590. urtean azaltzen da jasota, nahiz eta ospakizun eguna askotan aldatu den abuztua eta urria bitartean. 1847. urtetik aurrera, ordea, gaur egungo data ezarri zen. 1966. urtea arte ibilbidea zaldiz egiten zen. Hortik aurrera ohitura hori aldatu egin zuten zirkulazioak zaldizko txangoari sortzen zikion arriskuak eraginda. Erromeria amaitzen zenean, udalbatzak hiriari itzulia ematen zion zaldiz.
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



