Parkearen irudirik bereizgarriena hiritik hurbiltzean ageri da: zelai zabalak, hurbilean; atzean, Olarizuko etxearen silueta; eta atzerago, Olarizuko muino malkarra.
Antzina, Olarizuko larreetan tokiko harategiak hornitzen zituzten abereek larratzen zuten. Gaur egun, toki berak eremu berde zabala osatzen du. Bertan, zumar zahar eta ugariak zeuden, baina grafiosia dela kausa desagertu egin ziren eta pagoak, zurzuriak, haritzak eta astigarrak (beste espezie batzuen artean) landatu dituzte haien ordez.
Kutzemendiko gaina 709 metroko altuera duen muino txikia da. Bertatik, lehen planoan, hiriaren eta Arabako lautadaren ikusmira bikaina dago, zeruertzean eskualdea inguratzen duten gailurren siluetak eta, punturik garaienean, Gorbeia dagoelarik. Hegoaldeko forma leunek eta iparraldeko malda handiak itxura bitxia ematen diote. Gailurrean, hormigoi armatuzko 10 metroko gurutze handia nabarmentzen da.