
Bi arrazoik bultzatu zuten Zadorra ibaiaren egokitzapen hidrauliko eta ingurumen-berriztapenerako asmo handiko plan bat burutzera: batetik, ibaia hidraulikoki egokitzeko beharra, lehen ibaiak aldian-aldian hirigunean eragiten zituen uholdeak desagerrarazteko (besteak beste, ibaiertzak hartuta zeudelako hirigintzaren eta nekazaritzaren ondorioz); bestetik, ubidearen zein ur-bazterren ingurumena lehengoratzeko eta gunea Eraztun Berdearen barruan sartzeko aukera.
Plana hainbat fasetan ari da egiten guztira 13 kilometro eta 251 hektarea hartzen dituen eremu batean. Emaitza ibai parke handi bat izango da eta Eraztun Berdeko ibilbide luzeenetako bat osatuko du, hiria iparraldetik alderik alde -Eskalmenditik Gobeura- lotuko baitu. Bestetik, ibaia hiriaren bizitzan integratzen lagunduko du.
Planean ondoko lanak aurreikusi dira: zubiak garbitu eta hobetzea, uholdeetarako ubideak sortzea, ur-bazterrak lehengoratzea, oinezko eta txirrindularientzako ibilbideak sortzea eta Bilborako autobiako meandroa berreskuratzea, gau egun etenda baitago. Horrez gain, baratzezaintza ekologikorako eremu bat atondu da ur-bazterretan zeuden legez kanpoko baratzeen ordezko gisa.
Lanak 2004ko urtarrilean hasi ziren. 2005ean lehen jardute-fasea bukatu zen, ekialderago dagoen ibai zatiari dagokiona (Gamarrako zubitik A-1 autobiaren zubiraino). 2006 eta 2007 artean, berriz, Abetxukuko, Atxa-Landaberdeko eta Gobeuko tarteak ekologiaren eta paisaiaren aldetik egokitzeko lanak egin ziren.
Gamarrako zubitik Abetxukuko zubiraino doan zatiari dagokion egokitze proiektua idatzita dago jada.
Aldi berean Atxa-Landaberdeko parkea ekologiaren eta paisaiaren aldetik egokitzeko lanak gauzatzen ari dira; parke hori Zadorra ibaiaren ezkerraldean dago kokatuta, Ihurreko zubiaren eta Gobeuren artean, eta laster Eraztun Berdeko hiri inguruko parkeen sarean sartuko da.
Azken eguneratzea: 2007/10/03
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



