Hiriaren inguruko parke multzoa da. Parke horiek balio handia dute ekologiaren eta paisaiaren aldetik, eta elkarri lotuta daude, modu estrategikoan, ekologiarako eta aisialdirako korridoreen bidez.

Eraztun Berdea pasa den mendeko 90eko hamarkadaren hasieran abian jarri zen asmo handiko proiektu baten emaitza da. Proiektu horren helburu nagusia zen, Gasteizko ingurumariak oneratzea eta lehengoratzea, ingurumenaren eta gizartearen aldetik. Horrela, aisialdirako eremu berde handia sortuko zen hiriaren inguruan.
Dagoeneko, 15 urte eman dira proiektuan lanean. Tarte horretan, lehengoratze jarduera garrantzitsuak egin dira hondatutako guneetan, ekologiaren eta paisaiaren aldetik. Era berean, hainbat gune egokitu da erabilera publikorako. Hala bada, egun Eraztun Berdeak 6 parke ditu finkatuak: Armentia, Olarizu, Zabalgana, Salburua, Alegría, eta Zadorra ibaiko parkearen Gamarra, Atxa-Landaberde eta Gobeu tarteak. Halere, hiriko ingurumarietan bada oraindik lehengoratzeke dagoen hainbat gune, eta, espazioak korridore ekologikoen bidez lotuko dituen sistema ere osatzeke dago.
Parkeen sarea osatzen denean Eraztun Berdea oinez zein bizikletaz zeharkatu ahal izango den osotasun bat izango da.
Bizigiro aniztasun handia eskaintzen du, eta naturaren aldetik oso aberatsa den multzoa osatzen du. Basoak, ibaiak, hezeguneak, belardiak, soroak, sastrakadiak eta heskaiak dira hiriaren ingurumarietan hainbat ekosistema aurki daitekeen adibide. Gainera, ekosistema horietako batzuek ingurumenaren aldetik duten balioa nazioartean ere ezaguna da. Hori da berreskuratutako Salburuko hezeguneen edota Zadorra ibaiaren ekosistemaren kasua.
Bai gizartearen bai erabilera publikoaren ikuspegitik, Eraztun Berdeak aukera paregabeak eskaintzen dizkio jendeari paseorako, aisialdirako eta gozamenerako eta, betiere, naturarekin harremanean egoteko. Era berean, oso gune aproposa da hezkuntzako jarduerak eta ekimenak egiteko eta ingumenari buruzko sentikortzea sustatzeko.
Vitoria-Gasteiz hiritik hurbil, erdigunetik oso erraz iritsi daiteke Eraztun Berdeko parkeetara, bai oinez bai bizikletaz, berriki prestatu den hirizidorren sare baten bidez.
Azken eguneratzea: 2007/10/10
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



